Historia

 

Isturitze, Arberoa eta Donoztiri herrien mugetan, Isturitze, Otxozelaia eta Erberua historiaurreko harpe famatuak daude (www.grottes-isturitz.com). Bertan, ezin estimatuzko historiaurreko hondakin anitz daude (margoak, grabatuak, hezurrak eta silex landu anitz, baita objektu zinez bakan batzuk ere, 20000 urte baino gehiagoko sai-hezurrezko txirulak adibidez…). Horiei esker, zientzialariek frogatu ahal izan dute Arberoan gizakiak bazirela duela 80 000 urte baino gehiago (Neandertaleko gizakia).

 

Donoztirin atzeman bertze hondakin batzuek frogatzen dute historiaurrean jendea bizi zela Arberoako ibarrean: Betatua hilobi-harpea (giza burezurra, babesteko kondenatua); ondoan, Habia gunean, silex landuak eta giza hezurrak (harri altxatuak, hain segur dolmenak, 20. mende erdian larre horiek labakitu arte). Jakin behar da zenbait ehun metrora, Iholdin, beste hilobi-harpe ttipi bat dagoela: Unikote.

 

Antzinateko bertze hondakin batzuk ere badira, Euskal Herriko beste tokietan bezala: protohistoriako harresiak; hots, mendixka gailurrak, tokiko biztanleendako defentsa eta gerizarako antolatuak, erromatarren garaian, lehenagoko garaian eta gerokoan (hain segur Erdi Aroa arte). Gune horiek F. GAUDEL jeneralak deskribatuak eta inbentarioan zerrendatuak dira (http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/zainak/01/01017032.pdf). Mendebaldean, Isturitze eta Aiherraren mugetan, Abarratia gunea dago, eta hegoaldean, Armendaritzeko mugan, Lerdatze gunea. Antzinako gune horiek Euskal Herriko ondare garrantzitsua osatzen dute eta aski guti aztertuak izan dira Ipar Euskal Herrian. GAUDELen inbentarioaz gain, Jakes CASAUBONek ikerketa zenbait egin ditu (« Gure Bazterrak », Euskal Irratietako emankizuna: http://www.euskalirratiak.eus/gure-bazterrak-gotorlekuak.html#addcomments) eta idatzi batzuk argitaratu (http://www.aranzadi-zientziak.org/fileadmin/docs/Munibe/2002125139AA.pdf). Horietan frogatzen du euskarazko antzinako iri hitzak ez duela egungo hiri erran nahi, baizik eta defentsa gune, gotorleku. Gisa berean, iru ez da hiru, baizik eta antzinako gune horiekin loturiko zerbait. Ikus adibidez Iruitia etxea (Iruritea hitzetik jina), Abarratia gunearen ondoan.

 

 

Goi Erdi Aroan (1000. urtea aitzin), Nafarroako erresuma, Iruñea hiriburu zuela, Pirinioetako hegoaldean eta iparraldean zabaldu zelarik, lehen idatzietan (bereziki kontu liburuetan eta zergen biltzeko etxeen zerrendetan) Arberoako bizkonderria aipatzen da (hainbat ortografiarekin: Arberoa, Erberua, Arbeloa, Arbela, Herberoa…).

 

Arberoako bizkonderria izen bereko errekaren ibarrari dagokio; hau da: Heleta, Donoztiri, Arberoa, Isturitze, Aiherra eta Bastida, jakinez azken horrek estatutu berezia zuela, Nafarroako erregeak sortzean eman ziona.

 

Lapurdiko, Baxenabarreko eta Xiberoko Erdi Aroko etxeei buruz idatzi liburuan,
J.B. ORPUSTANek, Erdi Aroko agirietan oinarrituz (bereziki Nafarroako erresumako kontu-liburuetan), zerrenda hau ematen du Donoztiriri dagokionez:

 

a) Nobleak:

 

Argaingarai (1249 arguain, 1366 argangaray, 1412 arrgayn),

 

Jauregi (1249 sancto stephano, 1366 la sale de sent esteben),

 

Sorhaburu (1249 sorarburu, 1366 la sale de sorhaburu).

 

   

 

b) 1366 eta 1412ko frankoak, 1435an nobletuak (jabego “osoa”, zergarik gabekoa):

 

Agerre (1366, 1435 aguerre),

 

Argainbehere (1366 arguinbehere, 1435 argayn juson),

 

Etxebertze (1350, 1366 echeverce, 1412 etcheverce de larrondo, 1435 echeverce),

 

Etxebertze-Urruzpuru (1366 echeverce urritzpuru, ez 1412an, ez 1435ko nobletuetan aipatzen ez dena),

 

Etxegoien (1366 echagoyen, 1435 echegoyen),

 

Larrondo (1366 la Rondo, 1435 larrando),

 

Uharte (1350 uart, 1366an ez aipatua, 1435 uharte),

 

Urruzpuru (1350 urruzpuru, 1366 urritzpuru, 1435 urrizpuru).

 

 

 

c) 1435ean aipatuak eta nobletuak (idem)

 

Irurita (1249 iruyta, 1435),

 

Mendibil (1435),

 

Minxe (1435 m(in)che),

 

Uharte-Etxeberri (1435 uhart echeverry).

 

     

 

d) Sorhapuruko feudo-jabeak (horren menpekoak):

 

Basagaitz (1412 bassagaytz),

 

Etxarte (1412 etchart),

 

Harriste (1350 aRieta),

 

Jara-jauregi (1350 la sala de jara),

 

Urgaran ala Urkaran (1350 urgarana, 1412 urqaren).  

 

e) Zehaztugabea:

 

Aphezetxe (1412 apezetche).